Angel Ugarteburu

barren.eus-logoa

Tokikom

 

 
 

Ekainaren 15ean sartu gara ontzian, muga bat pasatzeko egin behar diren tramiteak eginda. Estatu Batuetako ontzian sartzen gara eta, beraz, Kanadatik hara iragaiteko pasaporte eta abarren ikuskapena egin behar.

Bakoitza bere gelan kokatu eta gero ekarri dizkigute pardelak. Hauxe izango da gure etxea astebetez. Laster hasi gara goiko eta beheko txokoak ikusmiratzen eta gain-zoletatik St. John´s hiria ikusten. Ipar Amerikako hiririk zaharrena da St. John´s harbour; baita ekialderen dagoena ere. 200.000 biztanle ditu; 600.000 dituen Newfoundland osoaren herena. Mugimendu handiko portua da. Arrantzan betidanik izan da aberatsa hiri hau, baina gaur egun merkantzien garraioan diharduten ontziek hartzen dute portuaren zati handi bat. Baita petrolio-ontziek ere. Balearen saina edo koipea (lumera*) baino errazago lortzen da, hemen ere, urre beltza. Irving konpainiak baditu bere deposito handiak ezker aldeko mendiaren magalean, hiriaren aurrez aurre. St. Joan Bateatzailearen elizak, bere bi dorrerekin beilatzen dute badia, etxe koloretsuen gainetik. Badira beste erlijio eta sektetako elizak ere. Kosmopolita da St. John; kosmopolita eta oso polita.

Ontzian sartu eta laster izan da bidaiaren aurkezpeneko ekintza areto nagusian. Hantxe ezagutu ditugu bidaiaren antolatzaileak, bidaiari lagunak, kapitaina, komandantea, eskifaia osoa. Ternuako bira honetan lagun izango ditugun zientzilariak, arkeologoak eta irakasleak ere aurkeztu zizkiguten. Red Bay-n San Joan galeoia aurkitu zuen taldeko buru, Robert Grenier eta laguntzaile izandako Manu Izagirre, Latonia Hartery eta beste batzuk. Argiako idazle arrasatear bat ere gurekin doa; Iraitz Agirre ederki moldatzen da gaztelaniaz eta ingelesez ere. Honek ere prestatu du euskal baleazaleen garaiko emakumeen bizimodu eta protagonismoaz hitzaldi bat. Astarbe sagardotegiak ordezkaritza zabala ekarri du, euren ama buru. Etxekoen artean 6, uste dut. Trikitilaririk gabe, zer izango ziren gure txotx, dantzak eta kantuak! Hala azaldu ziren, alabatxoarekin, Xabier Solano eta honen emaztea. Alabatxoa ere eurekin. Soinuak gozatu zuen gure ibilaldi osoaren saltsa.

ugarteburu ternua solano soinujolea lagunduta

Euskaraz ere egin dute, baina azalpen gehienak ingelesez izan dira, itzultzailearekin, noski, eta gaztelaniaz. Erdiak izango gara euskaldunak eta euskara dakigunak %35n bat, guztira. Gainontzekoak amerikarrak, kanadiarrak, eta Irlandako, Txinako eta beste nonbaitekoren batzuk. Bilbotik gurekin joan zen Mallorcar bat ere bai.


Guztira 106 garela esan zuten, eskifaia aparte. Aurkezpenean azaldu dira Astarbe sagardotegikoak ere. Baita, iluntzero supper berezia prestatu ziguten Basque Culinary Centre-ko bi sukaldari ere: Elena eta Alfontso. Superrak izan ziren, benetan, supper horiek.

angel ugarteburu arizmendi izagirre

Egunez egun egin asmo genuen egitarauan, hara lehenengo ezustekoa. Lehen egunean egin beharrekoa, Fogo island-eko bisita, ezingo genuela egin, hango bazterrak iceberg-ez edo izozmendiz blokeatu samar zeudelako. Horren ordez, beste ekintza batzuk egingo genituela ontzi barnean eta 24 ordu emango genituela nabigatzen. Ontzia handi samarra izanda ere, atlantiar kostako haizeen eraginez, balantzaka doa gure etxea, itsaso handi samarra zegoelako eta “mareatzea” zer den ikasi genuen batek baino gehiagok. Ontziaren balantza nabarmenagoa izan zen gauerdi aldera, badiatik atera eta iparralderantz gindoazela: ezkerretara Ternua eta eskuin aldera Europarainoko ura.

Okaldi bat eta kitto. Ohitu egiten zara azkenean, gauean ohearen mugimenduarekin sehaskako kantaren bat entzuterainoko lasaitasunez lo egiten genuelarik. Nik neuk bai, behintzat. Hori bai, behin eta berriz esan ziguten jaiki eta ibiltzean hormaren kontra eta heldulekuen bila ibiltzeko, batzuetan balantza handi samarrak izan zitezkeelako. Aulkiak eta mahaiak lurrari itsatsita zeuden horregatik.

angel ugarteburu icebergFogo island-eko ekitaldia bertan behera gelditu zen eta, goizeko 5ak aldera logelako gortina ireki eta, egun argitan, urrutira gabe ikusi ditugu izozmendiak. Itsasertzetik urrutira gabe goaz, baina nabari da, bai, izotz asko izango dela gure planean sartzen zen irla horren inguruan. Duela 500 urteko euskaldunentzat ere ezaguna zen irla hori, hala aipatzen baitu Detxeberrik bere Nabigazioneko liburuan.

 

∞ Aurreko sarrerak:

  1. Ternua-Newfoundland
  2. Balea: fantasia eta errealitatea
  3. Euskal itsasgizonak baleen atzetik
  4. Euskararen arrastoak
  5. Euskaldunak protagonista
  6. Balea mota ezberdinak
  7. Desagertzeko zorian
  8. Apaizak baino hobeto
  9. Prestaketa lanetan
  10. Honek Pasaia ematen du

Angel Ugarteburuk euskal baleazaleek Ternuan laga zuten arrastoari segika joango den espedizioan parte hartuko du (2017-06-14)

DKT

DKT

Elgoibarko Izarra

elgoibarkoizarra-logoa-irudia

 

Gida komertziala

Gida komertziala 2018

Bideoak

Barren astekaria

ePosta harpidetza