Angel Ugarteburu

barren.eus-logoa

Tokikom

 

 
 

angel ugarteburu itsas adar 1 kapAzul Marino bidaia agentziak, gida egokiaz gain St. John-en pare bat egun gehiago egoteko aukera eskaintzen digunez, batzuek haren bidez egin ditugu tramiteak. Bidaia antolatzaileak, ostera, beti eduki izan gaitu ondo informatuta. Uste baino errazagoa izan da planak bideratzea.

Donostian eta Bilbon ba omen gara 27ren bat, agentzia bidez joango garenak. Pare bat aste lehenago bilera egin eta elkar ezagutzeko aukera izan dugu. Gipuzkoa aldekoak Donostian eta bizkaitarrak Bilbon. Beste batzuk euren kontura joan eta itzuli dira.
    Ekainak 14. Loiu-Frankfurt-London- St. John. Bi eskala, beraz. Londonen pare bat orduko atzerapena (delayed). Ez zaigu luzea iruditu Londonetik Ternuarainoko bidea. Bera da Europatik hurbilen dagoen Amerikako lurra. Giro hotz eta lainotsuak hartu gaitu Ternuan: 5 gradu, arratsalde erdian. Ostatuan gela hartu eta egun erdi daukagu ikusmiran ibiltzeko, 15eko eguerdian baitugu portura joan eta ontziratzeko ordua. Egunak ez du txarrera egin eta St. John-eko portu zaharrera eraman naute nire oinek. Signal hill menditxoak ematen dio babesa berezko portuari, itsasotiko sarreraren eskubitara, Donostiako Igeldok Tenis club-ari edo haizeen orraziari ematen dion bezalatsu.
     Pasaia ematen du honek. Sarrera estua badiara sartzeko, ez Pasaiakoa bezain estua, eta gero badia zabala. Kasu honetan, St. John eskuinetara dago, gaur egun Albaola dagoen antzeko lekuan. Hiria handitu ahala, badiaren eskuin alde osoa bete du hiri modernoak. Ezker aldera (gure Pasaiako San Joan dagoen aldera) mendia pendizagoa da eta eraikin gutxi dago, baina badira zenbait portu: arrantzakoak, petrolio-ontzien gune zabalak e.a. Mendiaren magalean Irving izeneko petrolio birfinduaren tankeak. Mugimendu handiko portua dirudi, baleen koipea baino errazago lortzen den koipe beltzari, petrolioari, esker. Merkatal ontziek eta kruzeroek St. John´s hiriaren oinetan dute euren gune zabal ederra. Dena den, honek Pasaia ematen du. Etxean bezala sentituko ziren hemen gure marinelak.        
     Kanadako basoetan, British Columbian, lau euskaldunek sortutako baso-lanetarako enpresa batean (laurak bat) jardun zuen lanean anaia gazteagoak eta hura bisitatuz ikusi genituen mendebaldeko itsaso eta basoak eta Québec city-raino iritsi. Oraingoan, 6 mila kilometro inguru honantzago dagoen Ternuako itsasoetan izan dut zita. Zabala da, gero, Kanada! Euskal Herritik hurbilago dago Ternua, Kanadako beste puntan dagoen British Columbiatik baino.

    1982an Poloniako ontzioletan egindakoa da gaur egun Ocean Endeavour izena duen ontzi handi samar hau. Askotan berritua eta egokitua izanda, berri-berria ematen du. Brankan ikurrina eta popan Bahametako bandera, Nassau-ko matrikula. Pasaiako badiaren sarrera ematen duen estugunetik sartzen ikusi dugu, gure bila datorren etxetzar flotagarria. Adventure Canada irakur daiteke ontziaren gorenean. Ez da harritzekoa, hemen euskaldunak ibilita, badia honetan San Joan izeneko hiria sortzea.

∞ Aurreko sarrerak:

  1. Ternua-Newfoundland
  2. Balea: fantasia eta errealitatea
  3. Euskal itsasgizonak baleen atzetik
  4. Euskararen arrastoak
  5. Euskaldunak protagonista
  6. Balea mota ezberdinak
  7. Desagertzeko zorian
  8. Apaizak baino hobeto
  9. Prestaketa lanetan

Angel Ugarteburuk euskal baleazaleek Ternuan laga zuten arrastoari segika joango den espedizioan parte hartuko du (2017-06-14)

DKT

DKT

Elgoibarko Izarra

elgoibarkoizarra-logoa-irudia

 

Gida komertziala

Gida komertziala 2018

Bideoak

Barren astekaria

ePosta harpidetza