Alkateak hautatzeko eguna izan da gaurkoa Hego Euskal Herrian eta Mendaron ere izendatu dute hurrengo lau urtetarako alkate izango dutena: Enetz Ezenarro Arriola (EH Bildu).
12:00etan puntuan hasi du Nerea Etxarri idazkariak alkate berria izendatzeko osoko bilkura. Iñaki Arregi Uriak, Amaia Urra Mardarasek eta Nerea Etxarri idazkariak berak osatu dute mahaia, adin handieneko zinegotziak, gazteenak eta idazkariak osatu behar dutela agintzen duelako legeak. Ondoren, korporazioa osatu dute, zinegotzi bakoitzak karguari zin egin ostean, eta gero etorri da alkatea hautatzeko bozketa. Ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoaren arabera, zerrenda bakoitzeko lehen zinegotziak izendatu ohi dira alkate izateko hautagaiak, baina EAJk uko egin dio Iñaki Arregiren hautagaitza aurkezteari, eta Enetz Ezenarro aukeratu dute alkate (bost boto alde, eta lau zuri).Bozketaren emaitzak irakurri ondoren, Nerea Isasi EAJko zinegotziak, EAJren zerrendako bigarrenak, hartu du hitza, hautagaitza ez aurkeztearen arrazoiak emateko. "Ez dugu hautagaitzarik aurkeztu herriak hauteskundeetan agertu duen nahia errespetatuz, eta hemendik aurrera, oposiziotik elkarlanean jarduteko zin egiten dugu. Hori da gure nahia. Zorionak, Enetz", esan du Isasik.
∞Lotura duten albisteak:
- Maialen Gurrutxaga izendatu dute Elgoibarko alkate (2023-06-17)
- 2023ko udal hauteskundeak: Elgoibarko eta Mendaroko emaitzak eta alderdien balorazioak (2023-05-29)