Politika

barren.eus-logoa

Tokikom

 

 
 

2021 11 15 Agenda 2030 EAJPNV gipuzkoaHainbat erakundeetako eta EAJ alderdi politikoko 50 bat ordezkarik "Euskadin garapen jasangarriko helburuak" ezartzeko egiten ari diren ekintzak partekatu eta landu dituzte "2030. Etorkizuneko erronkak" lan-topaketan.

Entzute aktiboko, sozializazioko eta lan partekatuko agenda baten lehen hitzordua izan dela azaldu du topaketaren antolatzaileak, Gipuzkoako EAJ alderdiak.

Aurreratu dutenez, agenda horrek intentsitatea hartuko du datorren urtetik aurrera, eta, Imanol Lasa Gipuzkoa Buru Batzarreko (GBB) burukide eta Berrikuntza Politikoko arduradunak nabarmendu duenez, "helburu argi" bati erantzuten dio: "Agenda berri bat finkatzea, garai berri honetako erronka ekonomiko eta sozialei aurre eginez, gizarte zibil antolatuaren eta herritarren eskutik".
Miramongo Parke Teknologikoan egin zuten topaketa hori, zapatuan, azaroaren 13an, eta honako hauek hartu zuten parte: Jonan Fernandez, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Trantsiziorako eta Agenda 2030erako arduraduna; Maribel Vaquero, senataria eta EAJren bozeramailea Garapen Jasangarriko Helburuen (GJH) Kongresuko batzordean; eta Xabier Barandiaran, EBBko burukidea eta Etorkizuna Eraikiz-eko arduraduna Gipuzkoako Foru Aldundian. Hirurek agenda politiko berriari lotutako erronkei heldu zieten, eta bakoitzak bere erakunde-esparrutik aurre egiteko egiten ari den lanari buruzko xehetasuna eman zituzten. Elgoibarko alkate Ane Beitiak ere hartu zuen parte topaketan.

2021 11 13 eaj gipuzkoa Agenda2030 miramon

Gipuzkoako EAJk rol aktiboa jokatu nahi du "tokiko, lurraldeko eta nazioko erantzuna" behar duten eraldaketa globalek markatutako garai berri honetan. Imanol Lasaren berbetan, justizia soziala, berdintasuna, lehiakortasun ekonomikoa eta elkartasuna dira eredu sozioekonomikoaren oinarrian dauden printzipio inspiratzaileak, "eta gure etorkizuneko politikak inspiratzen jarraitu behar dute, gure herriaren eta hura osatzen dugun pertsona guztien aurrerabidea eta ongizatea bermatzeko. Hala ere, balio horiek eguneratu egin behar dira formula berriekin, trantsizio handiei: digitala, ingurumenekoa eta soziala, erantzungo dien agenda politiko baten bidez. Horretarako, autogobernu osoko estatusa bermatuko diguten tresna politiko, ekonomiko, finantzario eta sozialak behar ditugu, eraikuntza nazionala eta eraikuntza sozial eta ekonomikoa baitira txanpon beraren bi aldeak. Geure patuaren jabe egin behar dugu ", zehaztu du Lasak.

Lantalde bat sortzen ari direla ere aurreratu dute EAJtik, eta lantalde horren ardura izango da gaikako topaketak egitea, honako arlo hauen inguruan: desberdintasunaren murrizketa, enpleguaren etorkizuna, klima-aldaketa eta ingurumenaren zaintza, adinekoen arreta zahartze-prozesuaren testuinguruan, hezkuntza, digitalizazioaren eragina edo migrazioa.
"Agenda 2030ekin eta gizartearen kezka nagusiekin lerrokatutako gaiak dira", Berrikuntza Politikoko arduradunaren arabera. Lan agenda hori ez dutela "abstrakzio hutsean" geratzeko sortu azaldu dute, baizik eta "ekintzara" bideratu eta "Gipuzkoarako eta Euskadirako dugun proiektua indartzeko". Hala, prozesua oinarri izango da EAJren berrikuntza politikoa sustatzeko GJHren eta 2030 Agendaren esparruan, eta agenda horretan eta elkarlaneko gobernantzan oinarritutako kudeaketa-eredu bat txertatuko du, bai alderdiaren barne-kudeaketan, bai erakunde-jardueran. "Gipuzkoatik modu aktiboan lagundu nahi dugu 'Euskadi 2030' etorkizun partekatuko proiektu bat diseinatzen, datozen 25 urteetarako kontratu berri bat gauzatzeko euskal herritarrekin. Gure alderdiak historikoki jakin izan du konfiantza sortzen eta herri honetako gehiengo sozialarekin konektatzen, haren eskaerei, asmoei eta beharrei erantzunez". "Hala ere –ondorioztatu du-, erakunde eta alderdiekiko gero eta desafio handiagoa dagoen testuinguru honetan, alderdi politiko gisa giharra irabazi behar dugu, eraikitzen ari den mundu berrian gizarteari zerbitzua emateko tresna baliagarria izaten jarraitzeko", ondorioztatu du.

 

 

Elgoibarko Izarra

elgoibarkoizarra-logoa-irudia

Gida komertziala

Gida komertziala 2018

Bideoak

Barren astekaria

ePosta harpidetza