Santa Ana jaien barruan, profesionalen pilota jaialdia iragarria zuen Mendaroko Udalak Santio Egunerako (uztailak 25) eta kartela eskegitzearekin batera agortu dira sarrerak. Atzo jarri zituzten sarrerak eskuragai Morroskillo dendan, doan, eta gaur goiz erdirako agortuak zeuden. Arg.: Aspe.
Uztailaren 25ean izango da pilota jaialdia. Hasteko, 16:30ean, pilota eskolakoen partidak izango dira. Sei ume daude gaur egun Mendaroko pilota eskolan eta herrikoa dute entrenatzailea: Haitzart Iraolagoitia pilotari gaztea (Ondorengo argazkian). Haiek euren lanak amaitu ostean, eskuz binakako bi partida jokatuko dituzte. Jaialdia 18:00etan hastea dago aurreikusita eta estreinako partida, bigarren mailakoena, Egiguren V- Gaskue eta Salaberria-Arbizuren artekoa izango da. Jaialdiko partida nagusian, berriz, lau pilotari handi jardungo dira, eskuz binaka: Ezkurdia-Rezusta - Altuna III.-Martija.
