Gizonezkoetan, Alain Santamaria (Ezkarai, Espainia) izan da azkarrena gaur Mendaron jokatu duten Kilimon Trail mendi lasterketako proba luzean, 1:56:10eko denbora eginda, eta Malen Osa, emakumezkoetan, 2:16:00ko denborarekin. Osak, gainera, Maite Maiorak 2018an ezarri zuen errekorra ondu du hamalau segundotan. Lasterketa motzean, berriz, Ibai Angulo urrestillarra (0:53:01) eta Carrodilla Cabestre (Estadilla, Huesca, Espainia) gailendu dira, 1:06:50eko denbora eginda.
Ikusmina ziurtatuta egongo zela iragarri genuen, eta bete da iragarpena. 450 korrikalari zeuden izena emanda gaur Mendaron jokatu duten Kilimon Trail lasterketarako: 300 luzerako, eta 150, motzerako, baina hogeita bosten bat gutxiago izan dira irteera-puntura bildu direnak azkenean. Eguraldiak izango zuen beharbada eraginik, aste guztian ona egin badu ere, txarra zegoelako iragarrita gaurko, eta bete delako iragarpena. Euri zaparrada handiak, eta goietan, haizea eta hotza ere egin ditu gaur, bereziki lasterketak iraun duen denboran, eta gogortu du horrek korrikalariek egin beharreko lana. Hala ere, maila handiko lasterketa osatu dute. 23 kilometroko eta 1.650 metroko desnibel positiboa zuen ibilbidea osatu behar zuten proba luzekoek, eta 230ek lortu dute proba denbora barruan bukatzea. Gizonezkoetan, Ezkaraitik etorri den Alain Santamaria Blancok egin du denbora onena: 1:56:10. Ibai Larrea Aranguren antzuolarra helmugaratu da haren atzetik, hogeita hiru segundora (1:56:33), eta Gontzal Murgoitio elorrioarra sailkatu da hirugarren (1:58:12). Laugarren Aitor Ajuria sailkatu da eta haren atzetik, Anders Kjaerevik norvegiarra, eguaztenetik Mendaroko bazter guztiak korrika ezagutu dituen gizona, sartu da helmugan.ARGAZKI BILDUMA
