Kirolak

barren.eus-logoa

Tokikom

 

 
 

2022 01 05 mugertza krosa aurkezpena elgoibar barrenIazko etenaren ostean, domeka honetan, urtarrilaren 9an, jokatuko da Juan Muguerza Nazioarteko krosaren 78. ekitaldia. Gaur eguerdian udaletxean egin duten aurkezpenean eman dute krosean parte hartuko duten antxitxikari nabarmenen berri, eta baita osatu duten Covid-19 protokoloa eta parte hartzaileek zein ikusleek jarraitu beharko dituzten segurtasun-neurrien berri ere.

Euskal Herrian jokatzen den atletismo ekitaldirik garrantzitsuenak goi mailako parte hartzea izango du aurtengoan ere, azken orduko baja batzuk egon badira ere. Gaur egun ekar zezaketen atletarik handienetarikoa, Joshua Cheptegei ugandarra (2017ko Mugertza kroseko irabazlea, txapeldun olinpikoa eta mundukoa), lotuta zuten Mintxeta Atletismo Taldekoek, baina azken orduko lesio baten ondorioz ezin izango da etorri [Gaur argitaratu den BARREN aldizkarian eguneratu gabe dago informazio hori]. Alabaina, atleta handien izenak iragarri ditu kroseko zuzendari Zigor Diezek domekarako.

2022 01 05 mugertza krosa 2020 elgoibar barren kifle

Gizonezkoetan Aron Kifle (Eritrea, 1998) nabarmendu behar da, Elgoibarko krosa barrutik ezagutzen duen antxitxikaria, hirugarren egin baitzuen orain arte jokatu den azkenengo Mugertza krosean, 2020an. Atleta eritrearrak laugarren postua lortu zuen 2019ko Munduko Kros Txapelketan. Eta palmaresaren gainetik, sasoi betean etorriko dela da aipagarriena, Atapuercako krosa irabazi berri dela ailegatuko baita Elgoibarrera. Nicholas Kipkorir Kimeli (Kenya, 1998) da domekan kontuan hartzeko beste atleta bat. Kimelik laugarren egin zuen Tokioko Olinpiar Jokoetan, 5.000 metroko lasterketan. Paul Chelimok helmuga marran bere burua botaz laga zuen brontzezko dominarik gabe, Tokioko Olinpiar Jokoetako irudi ikusgarrienetarikoan. Mugertza kroseko antolatzaileek horren gogoko dituzten etorkizun handiko bi gazte ere nabarmendu ditu Zigor Diezek: Amos Serem (Kenya, 2002) eta Addisu Yihune (Etiopia, 2003). "Denbora daramagu Seremen ibilbidea gertutik jarraitzen. Elgoibaren gogoko ditugun gazte horietako bat da. Apustu ona izan daiteke". Rogers Kibet ugandarra, Italiako kros txapelduna den Iliass Aouani italiarra eta Adel Mechaal espaniarra ere nabarmendu dituzte antolatzaileek.
 • 11 herrialdetako 800 bat atleta
Guztira 11 herrialdetako antxitxikariak lehiatuko dira aurtengo Mugertza krosean, eta adin maila guztiak kontuan hartuta, 800 bat parte hartzaile izatea espero dute. Gizonezkoen senior mailako lasterketarako 150 lagunetan jarri dute parte hartzaileen muga. Alebin eta infantil mailetako lasterketetan Euskal Herriko atletak bakarrik arituko direla zehaztu dute antolatzaileek, "errazago kontrolatu ahal izateko", baina adin nagusiagokoetan Euskadi, Nafarroa, Katalunia eta Espainiako atletak lehiatuko dira. Mamo Wolde sarian lehiatuko diren 20 urtez azpikoen arteko lasterketetek nazioarteko parte hartzea izango dute, Ingalaterra, Belgika eta Portugalgo selekzioetako saltakariak etorriko baitira Elgoibarrera. Krosaren ekitaldi "gogor" eta "berezi" honetarako atleta eta talde gutxiago ekartzea erabaki duten arren, gutxi horiek ondo hautatzen jarri dutela arreta adierazi du Diezek gaurko aurkezpenean. 100.000 euroko aurrekontuarekin antolatu dute krosa, aurreko edizioetarako izan duten aurrekontu antzerakoa.

Atletismoaren zirrara 9:30etik aurrera itzuliko da Mintxetara domekan, ordu horretan hasiko baita alebin nesken mailako lasterketa, eguneko lehena. Guztira hamabi lasterketa hartuko ditu Mintxetako zirkuituak. Senior mailako emakumezkoena 12:30ean hasiko da eta 13:15ean senior gizonezkoena. 
 • Ahalegin berezia emakumezkoen lasterketan
Emakumezkoen lasterketa nagusirako momentuko atletarik onenak ekartzen saiatu direla esan du kroseko zuzendariak. "Ahalegin berezia egin dugu, eta nahi genituenak lotu ditugu, bat izan ezik, 2019an eta 2020an gure krosean gailendu zen Hellen Obiri, bere herrialdean dituen konpromisoengatik ezin izango duela etorri esan baitigu". Datozenen artean, Mugertza kroseko podiumera igotzea zer den dakiten antxitxikariak izango dira garaipena eskuratzeko faborito argienak. Beatrice Chepkoech (Kenya, 1991) da horietako bat. 3.000 metro oztopo-lasterketako munduko txapelduna, eta probako munduko errekorraren jabe den emakumeak bigarren postua lortu zuen Elgoibarren, 2019an. Beatrice Chebet (Kenya, 2000) izango du aurkari nagusietakoa. Junior mailako munduko kros txapelduna da keniar gaztea, eta honek ere ezagutzen ditu Mintxetako zirkuituko aldapak eta bihurguneak, txapeldunordea izan baitzen 2020an jokatutako krosean. Lasterketa hartan bere atzetik sartu zen helmugan Esther Chebet (Uganda, 1997), Atapuerca eta Italicako krosetan emaitza onak lortzetik datorren saltakaria. Aintzat hartzeko korrikalari gehiago ere badaude, besteak beste, Venta de Bañoseko krosean gailendu berri den Edinah Jebitok (Kenya, 2001). Faborito argirik gabeko lasterketa dela uste du Diezek. 

2022 01 05 mugertza krosa 2020 elgoibar barren emak

 • Hogei urte krosa antolatzen
Hogei urte bete dira aurten Mintxeta Atletismo Taldeak Mugertza krosa antolatzeko ardura hartu zuenetik, Ego Toki elkartekoei erreleboa hartu eta gero. Harro daude urteotan egindako lanarekin eta bidelagun izan dituzten babesle, erakunde eta boluntario guztiei eskerrak eman dizkie Zigor Diezek Mintxeta taldearen izenean. "Harro gaude denon artean gai izan garelako Euskal Herriko kirol ekitaldirik garrantzitsuenetariko Elgoibar moduko herri txiki batean antolatzeaz. Bilbotarra naizela emango duen arren, munduko krosik onena antolatzen dugula uste dut, krosak duen tradizioagatik eta palmaresagatik, noski, eta baita nazioarteko atletismo federazioak hala aitortzen digulako ere gure krosari "Gold" edio urrezko maila emanda. Baina, aipaturikoez gainera, badira neurtu ezin daitezkeen beste hainbat arrazoi gure krosa berezia egiten dutenak. Elgoibarren korrika egitera itzuli nahi dutela esaten diguten atleta afrikarrengatik esaterako, edo aurten senior mailako lasterketan parte hartuko duen Yago Rojo atleta madrildarrarena moduko hainbat istorio daudelako. Infantila zela hartu zuen parte Rojok, eta beti aipatzen digu krosak laga zizkion oroitzapenak".

Pandemiaren eraginez bertan behera laga behar izan zuten iaz krosa eta aurtengoa berriro antolatzea gehiago kosta ahal zaien galdetu diote kazetariek Diezi. Antolakuntza lanetan hastea kosta zitzaiela gehienbat aitortu du honek, eta zenbait bilera behar izan zituztela krosa antolatzeko ilusio hori berriro pizteko. Elgoibarko alkate Ane Beitiak eskerrak eman dizkie "iazko txandapasaren ostean krosa antolatzeko ahalegin berezia egin duten antolatzaileei eta boluntarioei". Aurten kontu handiarekin ibili beharko den arren, dena ondo irtengo denaren konfiantza duela gaineratu du Beitiak, eta krosak Elgoibaren izena munduan zabalduko duela berriro ere. "Osasun babes neurrien berezitasunekin bada ere, ez da txarra urtea krosarekin hastea", esan du.

Pandemiarekin dena dago kolokan eta azken uneko baja gehiagorik ez izatea espero duela esanez amaitu du aurkezpen ekitaldia. Eguraldi iragarpena ere aipatu du: "Euria eman dute datozen egunetarako. Ados. Lokaztuta egongo da ibilbidea. Gogoko dugu lokatza". 

 • Covid-19 protokoloa eta segurtasun-neurriak
COVID-19ari lotuta segurtasun eta osasun neurri asko hartu dituztela zehaztu du Zigor Diezek eta osatua dutela protokoloa. Batetik %75era mugatu dute iksleentzako edukiera eta ikusleei krosa sakabanatuta ikusteko eskatu diete, bata bestearengandik ahalik eta urrutien, ohartarazi baitute ibilbideak horretarako aukera ematen duela. Sarrera eta irteeretan jende pilaketarik eman ez dadin pazientzia eskatu diete ikusleei, eta, pilaketa horiek ekiditeko ez diete Covid ziurtagiririk eskatuko ikuslei. Maskara uneoro jantzita eramatea derrigorrezkoa izango da. Taberna ere itxita egongo da. Antolatzaileek ikusleei dei egin diete osasun neurriak bete ditzaten: elkarren arteko distantzia-mantentzea, gel hidroalkoholikoa erabiltzea eta maskara erabiltzea.

Atletek ere jarraitu beharko dituzte hainbat neurri. Covid ziurtagiriarekin eta PCR probak gaindituta etorri beharko dira Elgoibarrera eta lasterketak hasi aurretxora arte maskara jantzita eraman beharko dute Mintxetan. Arropaz aldatzeko karpa erraldoi bat izango dute atletek, eta dutxatzeko aukera ere izango dute.

∞Lotura duten albisteak:

Elgoibarko Izarra

elgoibarkoizarra-logoa-irudia

 

Gida komertziala

Gida komertziala 2018

Bideoak

Barren astekaria

ePosta harpidetza