Haritz Euskal Dantzari Taldekoek botako duten txupinazoarekin hasiko dira aurten sanbartolomeak Elgoibarren. Ofizialki, abuztuaren 23an hasiko dira, baina bezperatik jai-giroa izango da herrian, Gune Askekoek ere osatu dutelako egitaraua jaietarako. Zazpi egunez, beraz, izango da zer ikusi eta zertaz gozatua herrian.
Jaietako antolatzaileen artean eragile berri bat izango da aurten: Elgoibarko Izarrako Atxutxiamaika Aisialdi Taldea. Hainbat eta hainbat urtetan jaietako eragile izan den Zuhaitz aisialdi taldearen lekukoa hartuko du, eta Umeen eta Gazteen egunetako hainbat ekintza antolatzeko ardura hartuko du bere gain.
Barikuan eta zapatuan ospatuko dituzte San Roke jaiak Azkue auzoan. Abuztuaren 16a da berez San Roke eguna, baina Elgoibarko Azkue auzoan jaiak uztailera aurreratzea erabaki dute, jaiak antolatzeko dituzten zailtasunengatik.