Elgoibarko Jubilatuen Biltokiak zuzendaritza batzordea berritu du, eta sanbartolomeetan aurkeztu dute talde berria. 11 emakumezko eta bi gizonezkok osatzen dute talde berria, eta Lourdes Beneitez izendatu dute lehendakari.
Abuztuaren 26an 40 urte beteko dira 1983ko uholdeetatik. Urte hartako sanbartolomeetan goian-behean egin zuen euria inguru honetan, eta Deba ibaiak gainezka egin zuen, elgoibartarrek Umeen Eguna ospatu behar zuten egunean. Egun hartan lanean jardun zen Txomin Mujika eguerdira arte, baina Kalegoen plazan ura pilatzen ari zela ikusita, hilabete aurretik erosia zuen bideo-kamera hartu eta grabatzeari ekin zion. BARRENera ekarri du egun hartako grabazioa, eta irudi haiekin eta Txomin Mujikaren orduko oroitzapenekin beste grabazio bat osatu dugu 40. urtemugaren karietara.
Hainbat talde ekologista eta mugimendu elkartzen dituen Lurraren Defentsan, Euskal Herria Bizirik ekimenak elkarretaratzea egin zuen ostegun goizean, Eusko Jaurlaritzak Gasteizko Lakua auzoan duen egoitza nagusiaren atarian, eta energia berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala atzera botatzeko alegazioak aurkeztu zituzten Jaurlaritzan. Elgoibarko Karakate Bizirik plataformako kideek ere hartu dute parte ekimenean.
Jaiak askatasunez eta elkarrenganako errespetuz gozatzera deitu du Mendaroko Udalak, baina jakitun da jaien testuinguruan erreproduzitu egiten direla sarri egunerokoan bizi dugun indarkeria matxistaren zenbait molde, eta horregatik, indarkeria matxistaren kontrako protokoloa landu du. Horren harira, astelehenean, prestakuntza saio berezia egin zuten herritarrei protokoloa azaltzeko. Edurne Izagirre psikologoak gidatu zuen saioa.