Debabarreneko lau gaztandegitako gazta eta bi baserritako sagardoa dastatzeko aukera izan dute gaur goizean Mendaroko plazara bildu direnek. Hotz hasi da goiza, jende gutxirekin, baina eguerdirako itxura polita hartu du azokak, eguraldi ona lagun.
Elgoibarko Mausitxako ardi gazta, Soraluzeko Egotzako ahuntz gazta, Mallabiko Axeleku gaztandegiko behi gazta eta Mutrikuko Goienetxeko ardi gazta, eta Mendaroko Etarte eta Ospas baserrietan ekoitzitako sagardoa. Bost euro ordaindu, eta nahi beste sagardo edan eta bost gazta-mokadu probatzeko aukera izan dute azokara bildutakoek. Eta nahiago zutenek, bi euroan bost pintxo jatekoa, sagardorik gabe. 11:00etan zabaldu dute azoka, baina eguerditik atzera ibili da jende gehiago, ohi legez. Gazta dastatu eta erosteko aukera ere izan da.
