Zaintza publiko komunitario eta doakoranzko bidea nola egin aurreikusten duten azaldu zuen Esti Elduaien EH Bilduko batzarkideak atzo Mendaron, alderdiak antolatutako solasaldiaren baitan.
Jabi Muñoz Moreno Mendaroko EHBilduko zerrendakideak gidatu zuen saioa. Elduaienek nabarmendu zuen pandemiak inoiz baino ageriago laga zuela gu denon zaurgarritasuna, zaintzaileak eta zainduak izango garela onartzeko beharra. Premisa horretatik abiatuta, zaintza erdigunean jarri eta zaintzaren merkantilizazioaren kontra egin beharraz jardun zen Elduaien eta EH Bilduk gobernatzen duen herrietan zaintza komunitario baterako bidean abiatutako ekimenen berri ere eman zuen. Eskumen asko udal-eremutik kanpokoak izan arren, zaintza lanen demokratizaziorako Udaletik susta daitezkeen neurriak ere azaldu zituen. Kalitatezko zerbitzu publiko eta unibertsalen alde egin zuen, finean, eta aldi berean, herrietan laguntzarako sare komunitarioak sortzearen beharra azpimarratu zuen.