Euskara

barren.eus-logoa

Tokikom

 

 
 

2021 11 09 haurren aurean helduok heldu topagunea donostia arg maialen andres FOKUEuskaltzaleen Topaguneak, Euskarak 365 egun lan ildoaren baitan, 'Haurren aurrean, helduok heldu' izeneko ekimena jarri du abian. Azaroaren 22tik abenduaren 5era bitartean egingo dute, 80 herri baino gehiagotan, tartean Elgoibarren. Donostiako Koldo Mitxelena kulturgunean aurkeztu zuten atzo ekimena.

Ariketa praktikoa izango da. Ekimen honen helburua da guraso, hezitzaile, lagun heldu, zaintzaile eta umeekin egoten diren bestelako senideek euren arteko -hau da, helduen arteko- hizkuntza-praktikak aldatzea eta euskara gehiago erabiltzea. Hala adierazi zuten Donostian egindako prentsaurrekoan ekimena antolatzeko lanetan dabiltzanek.

Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean bildu ziren Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria; Goiatz Urkijo, Haurren aurrean helduok heldu ekimenaren koordinatzailea eta Topaguneko kidea; eta Arrate Gisasola ekimeneko parte hartzailea eta EBETEko kidea. Haiekin batera, bertan izan ziren ekimena babesten duten Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako, Gipuzkoako Aldundiko eta Donostiako Udaleko ordezkariak eta ekimena antolatuko duten zenbait herrietako ordezkariak ere.

2021 11 09 Haurren aurrean aurkezpena KM topagunea
Euskaltzaleen Topaguneak koordinatutako ekimena bada ere, Euskal Herri osoko 80 herrik baino gehiagok antolatuko dute ariketa praktikoa euren eremuetan: herriko plazetan, parkeetan, eskola irteeretan, etxeetan eta helduak haurrekin biltzen diren inguruetan. Elgoibarrek ere bat egin du ekimenarekin. Topagunetik ariketa zehatz bat proposatu nahi diete haurrekin espazioak partekatzen dituzten heldu guztiei. "Helburua da haurren inguruan dabiltzan helduen artean euskaraz gehiago, gehiagotan eta gehiagorekin egitea", adierazi du Kike Amonarrizek.

 • Soraluzen gertatutako anekdota
Askotan ez dugu ulertzen euskara jakin arren, eta eremu euskaldunenetan ere, haurrek zergatik  ez duten euren artean euskaraz egiten. Amonarrizen ustez, haurrek egiten dutena ikusten dutena imitatzea da, "beraz ikusten badute gurasoek erderaz egiten dutela, monitoreek erderaz egiten dutela, eta beraiek baino zaharragoek ere erderaz egiten dutela... beraiek egiten dutena da egoerara egokitu", dio. Soraluzen gertatutako anekdota bat erabili du ideia ulertarazteko eta bisualago egiteko: "Haurrak herriko plazan erdaraz ari ziren jolasean, eta gurasoetako batek euskaraz egiteko esan zienean ume batek erantzun zion gurasoetara jolasten ari zirela. Horri buruz ari gara ekimen honetan".

 • Helburua hizkuntza praktikak aldatzeko bidea egiten jarraitzea
Euskaraldian sustatzen diren portaerak sozializatzen jarraitu nahi du Topaguneak ekimen honekin, eta portaera linguistiko horiek herritarren praktiketan integratzea, arau sozial bihur daitezen. “Euskaldunok euskaldunokin euskaraz egiten dugu” arau soziala indartu nahi du ariketak: solaskideek, euskara dakiten kasuetan, euskaraz egiten, lehen hitzak euskaraz egiten eta kideak ulertu bai, baina euskaraz hitz egiten ez badu euskarari eusten, baita elkarrizketa elebidunetan ere.

Baina oraingo honetan helduen eredugarritasunari ere erreparatu nahi diote antolatzaileek, eta arau sozial horiek eremu horretara eraman. Arrate Gisasolak dioen moduan, “Erabilera sozialaren eredurik ez badago, haurrek hizkuntza ikasi bai, baina ez dute jardungo. Euskara egoera eta testuinguru guztietan ohikoa dela sumatu behar dute haur eta gaztetxoek, etorkizunean beraiek ere hala jokatzea nahi badugu”. Gisasolaren hitzetan, haurrei eskatzen zaie euskaraz egiteko, baina gero helduek ez badute hala jokatzen, gaztetxoek mezu kontraesankorrak jasotzen dituzte. “Haurrek hizkuntza ez ezik, hizkuntza erabiltzeko gizarte arauak ere barneratzen baitituzte, hau da, norekin bai, norekin ez; noiz bai, noiz ez…”, azaldu du.

 • Erabileraren aldeko dinamikak, herriz herri eta auzoz auzo
“Topagunean oso garbi dugu, euskararen biziberritze-prozesua, batez ere, eraldaketa sozialeko prozesua dela”, dio Kike Amonarrizek. “Garrantzitsua da, sektorez sektore, herriz herri eta auzoz auzo erabileraren aldeko dinamikak aktibatzea eta sustatzea. Horretara ere badator Haurren aurrean, helduok heldu ekimena”, gaineratu du Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak.
Euskara sustatzeko zereginetan sarri eskatu ohi zaie ikastetxeei erantzukizuna, baina Amonarrizen berbetan, “askotan esan dugun bezala, eskola ez da nahikoa. Haurrek euskaraz egingo badute, eskolatik kanpoko eremuetan ere euskaraz egin behar dute: euskaraz dakiten gurasoekin, etxeetan, aisialdian, beraiei zuzenduriko zerbitzu eta ekintzetan”.
Goiatz Urkijo Euskaltzaleen Topaguneko kideak ariketan parte hartuko dutenei ere egin die erreferentzia: “Parte-hartzaileei eskatuko diegu pentsa dezaten norekin alda ditzaketen hizkuntza ohiturak parkean, eskola inguruan edo umeekin egiten dituzten bestelako ekintzetan; baita kide horiei elkarrekin ariketa egitea proposatzea ere ”, azpimarratu du.
 • Hitzaldiak herrietan eta solasaldia
Ekimenarekin lotuta, Paula Kasares eta Kike Amonarriz soziolinguistek hitzaldi sorta eskainiko dute, azaroan zehar, Euskal Herriko hainbat herritan. Paula Kasaresek atzo eman zuen hitzaldia Elgoibarren. Herrien zerrenda topagunea.eus webgunean egongo da ikusgai.
Eta, azaroaren 30ean, Martin Ugalde foroan ere gaiaren inguruko hausnarketa egingo dute Paula Kasares, Kike Amonarriz eta Iñaki Eizmendik, Garbiñe Ubedak zuzendutako solasaldietan. Foroa 19:00etan hasiko da Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean eta streaming bidez ere jarraitu ahal izango da.

 

 

Elgoibarko Izarra

elgoibarkoizarra-logoa-irudia

Gida komertziala

Gida komertziala 2018

Bideoak

Barren astekaria

ePosta harpidetza