Euskara

barren.eus-logoa

Tokikom

 

 
 

2021 11 02 Paula Kasares arg floreagaUmeen hurbileko helduen arteko hizkuntza portaerari eragiteko sentiberatze eta kontzientziatze saio parte hartzailea antolatu dute 'Haurren aurrean, helduak heldu' ekimearen sustatzaileek Elgoibarren. Paula Kasares adituak gidatuko du saioa.

Euskaraldiaren aurtengo hutsunea baliatuta, ‘Haurren aurrean, helduok heldu’ egitasmoa antolatu dute, azaroaren 22tik abenduaren 5era arte. Besteak beste, bistaratu nahi dute helduek ere badutela zeresana, eta zeregina, euskararen erabileran aurrepausoak emateko orduan. Hasteko, umeen hurbileko helduen arteko hizkuntza portaerari eragiteko sentiberatze eta kontzientziatze saio parte hartzailea antolatu dute azaroaren 9rako, martitzena. Aita Agirre kulturguneko areto nagusian izango da, 17:00etan hasita.

Paula Kasares (Iruñea, 1969) adituak gidatuko du saioa. Euskal Filologian nahiz Antropologian graduduna eta Soziolinguistikan doktorea da. UPNA/NUPeko Giza eta Hezkuntza Zientzien Saileko irakasle dihardu. Haurren hizkuntza sozializazioaren eta familien hizkuntza politikaren arloetan ikertzailea. Hiru libururen eta hainbat artikulu zientifikoren egilea ere bada.

Antolatzaileek honakoa aurreratu dute saioaren inguruan: Haurrak, hizkuntza edo hizkuntzak ikasten dituztenean, hizkuntzen gaineko jakintza soziokulturalez ere jabetzen dira. Haurrek hizkuntza —kodea— ez ezik hizkuntza erabiltzeko gizarte arauak (norekin egin eta norekin ez, noiz erabili eta noiz ez, noiz hizkuntza aldatu...) bai eta hizkuntzen arteko hierarkia ere barneratzen dituzte.
Haurrak hari zuzenean egiten zaion modutik ez ezik, ingurukoek beren artean egiten duten moldetik ere ikasten du hizkuntza. Hizkuntzarekin batera, haurrak mintzairari loturiko balio eta eredu sozialak ere barneratzen ditu. Saio parte hartzaile honetan umeen hurbileko helduen hizkuntza portaeren garrantziari eta estrategiei buruz mintzatuko da Paula Kasares aditua.

 • Zaintza Zerbitzua
Saioan parte hartzea errazte aldera, zaintza-zerbitzua izango da. Behar duenak aurretik jakinarazi behar du, azaroaren 5a baino lehen, Elgoibarko Izarrara deituta (943 741 626).

‘Haurren aurrean, helduok heldu’ egitasmoa Euskaltzaleon Topaguneak prestatu du eta Euskal Herriko 70 herritan egingo da ariketa. Elgoibarri dagokionez, Elgoibarko Izarra, Udala, Elgoibar Ikastola, Herri Eskola, Elgoibarko Haurreskola eta Ludoteka daude ekimenaren atzean.

∞Lotura duten albisteak:

Elgoibarko Izarra

elgoibarkoizarra-logoa-irudia

 

Gida komertziala

Gida komertziala 2018

Bideoak

Barren astekaria

ePosta harpidetza