Gaur aurkeztu ditu AEK-k 23. Korrikaren xehetasun batzuk, Donostian egin duten agerraldian. Zehaztu dute Irunen hasiko dela euskararen aldeko martxa, martxoaren 14an, eta Baionan bukatuko dela, martxoaren 24an. 'Harro herri' izango du leloa eta Azterketak Euskaraz kolektiboa omenduko dute.
Hamar gau eta 11 egun izango ditu aurtengo Korrikak eta 'Harro herri' lelopean gurutzatuko du Euskal Herria, nahiz oraindik ez dituzten ibilbidearen inguruko zehetasunak eman. Aitziber Balantzategik, AEKren Artezkaritza Kontseiluaren lehendakariak, eman ditu gaur argibideak Donostian eta 23. Korrikarako aukeratu duten leloaz esan du beren hizkuntzaz harro dagoen euskal komunitateari egiten diola erreferentzia. Horren harira, ohartarazi du, baina, ez dela komeni harrotasuna konformismoarekin nahasterik, eta bereziki erakundeei erreparatuta esan du ardura garrantzitsua dutela euskararen normalizazioan. Balantzategik Korrikako omenduaren berri ere eman du. Baxoa eta brebeta euskaraz egin ahal izateko Ipar Euskal Herriko gazteek hasitako borroka omenduko dute aurten, Azterketak Euskaraz kolektiboa.