Besterik

barren.eus-logoa

Tokikom

 

 
 

2021 11 06 mendaro tren geltokia trena barrenMendaroko tren geltokia berritzeko obrak luze gabe hasiko dituztela zabaldu du Jaurlaritzako Garraio Sailak.

Nasen arteko trenbide-pasagunea kentzea, alde banatan igogailu bana izango duen oinezkoentzako gaineko pasabidea eraikitzea, estazioaren inguru osoan bidea berritzea eta erdiko nasa iparralderantz ia metro batean zabaltzea dute aurreikusita (hiru metrora arteko zabalera hartuko du). Obrak Comsa-Jaizubia Aldi Baterako Enpresa Elkarteari esleitu dizkio Eusko Jaurlaritzak, 2.191.545 euroren truke. Administrazio-izapideak bukatutakoan hasiko dituzte lanak, “urtea amaitu aurretik”, eta hamabi hilabeteko epea izango du enpresak obra gauzatzeko.

Trenbide-azpiegiturak bateratu nahi ditu Garraio Sailak, batetik, eta bestetik, bidaiariak erosoago mugitzeko bidea egin. Berritu beharreko trenbide-zatia trenbide metrikoa da balastoan. 45 kg/m-ko errailarekin ekipatuta dago bidea, eta egurrezko trabesen gainean dago muntatuta. Material horiek guztiek, baina, 22 urte inguru dituzte, 1998an instalatu zituztelako. Eta hori da berritu asmo dutena. Hori guztia kendu eta hormigoi armatuzko eta aurrez atezatutako trabesa monoblokeen gainean soldatutako UIC54 errail jarraituak jarriko dituzte.

2021 11 06 mendaro trenbideko igogailuak pasabidea marrazkia planoa

 • Mendaroko geltokiaren ezaugarriak
Gaur egun, bi nasen arteko balasto gaineko trenbide bikoitz batek eta erdiko nasaz beste alderako balasto gaineko bazterbide batek osatzen dute Mendaroko geltokiko trenbide-plataforma. Eta geltokira sarrera bakarra dago. Donostiarako trena hartu nahi dutenek trenbidetik bertatik igaro behar dute beste nasara, eta hori kendu nahi dute, joan-etorri handiko geltokia delako Mendaro. Garraio Sailetik zabaldu dutenez, Euskal Trenbide Sareak 108 trenbide-pasagune ditu gaur, horietatik 71 Bizkaian eta gainerako 37ak Gipuzkoan, eta iazko ikasturtean, horietako 51 kendu zituzten: 35 Bizkaian, eta 16 Gipuzkoan. Azkeneko hamar urteotan, Eusko Jaurlaritzak ia 1.000 milioi euro inbertitu ditu bere eskumeneko trenbide-sareko azpiegitura hobetzeko. Bada, trenbide gainetik bertatik ibiltzea eragozteko, gaineko pasabide bat eraikiko dute orain, 2 metroko zabal eta 8,3 metroko luze izango dena. Eta pasabide horrek igogailu bana izango du alde banatan. 5 metroko altuerara joango da goiko pasabidea, eta 5 metroko altuera horretaraino igoko dira igogailuak. 630 kiloko karga hartuko dute gehienez igogailuek, zortzi lagun. Igogailuaz gain, baranda metalikodun eskailerak ere eraikiko dituzte pasabidera igotzeko. Eskailerek 12 mm-ko sendoera duten polikarbonatozko pantailak izango dituzte trenbiderako aldean, oinezkoek ez dezaten katenaria ukitzeko arriskurik izan.
 • Udalaren “sorpresa”
Mendaroko udalbatzaren joan zen asteko osoko bilkuran aipatu zuten gaia, gai-ordenatik kanpo. Iñaki Arregi alkateak esan zuen prentsa bidez jakin dutela Garraio Sailak Mendaroko geltokia berritzeko obrak hastekoak dituela eta argibideak eskatuko dizkiotela esan zuen. Obra beraren ezaugarriak jakin gabe, geltokia berritzea onerako izango zen ustea agertu zuten Udalean ordezkaritza duten hiru alderdietako ordezkariek eta eskaera bat ere egin zuten EH Bildutik: Santa Anara bidean dagoen pasagunea seguruago egiteko. Horrenbesteko inbertsioa egin behar duenari pasagune hori babesteko exijitu behar zaiola esan zuen Enetz Ezenarro EH Bilduko zinegotziak, puntu horretan izan diren arrisku egoerak gogorarazita, eta bat etorri ziren alkatea eta bilkurara bildutako zinegotzi guztiak ere. Santa Anara joateko ez ezik, Olabaza baserrira joateko ere trenbidea gurutzatu behar da, eta trabatu izan dira autoak.

2021 11 06 mendaro tren geltokia barren 2

2021 11 06 mendaro tren geltokia barren

2022 01 28 tren geltokia mendaro obrak Euskal trenbide sarea

Elgoibarko Izarra

elgoibarkoizarra-logoa-irudia

 

Gida komertziala

Gida komertziala 2018

Bideoak

Barren astekaria

ePosta harpidetza