Udako Txokoen luzapena eskainiko du irailean Atxutxiamaikak, Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topaguneko aisialdi taldeak. Ekainaren 1etik ekainaren 10era egongo da izena emateko aukera.
Elgoibarko Igeriketa Eguna egin zuten zapatuan Olaizaga kiroldegian eta 180 igerilarik hartu zuten parte Elgoibarko Igeriketa Taldeak antolatutako proba eta jolasetan.
Espainiako Erreminta-Makina Egileen Elkarteak (AFM) sustatuta, Elgoibarren eratu dute Espainiako Mekanizazio eta Transformazio Metalmekanikoaren Elkartea (AFMEC). Mekanizazioan, galdaragintzan eta metala eraldatzen lan egiten duten enpresak batu eta horiei zerbitzuak eskaintzeko batu dira.
Reyes Pradosek aurkeztuta, Euskal Herrian aukeratutako lekurik preziatuenak erakusten ditu "De lo bueno lo mejor" saioak. Domeka iluntzean Elgoibarko Belaustegi baserria erakutsiko dute ETB-2ko saio horretan.
Hiru titulu irabazi eta mailaz igotzeko aukera izan dute Sanlo Eskubaloi Kirol Taldeko lau taldek joan den asteburuan, baina partida guztiak galdu dituzte.
Donostia 2016 Europako kultur-hiriburutzak eta Elgoibarko Morkaiko mendi taldeak elkarlanean antolatu dute 2016 Bidea egitasmoko 11. etapa. Elgeta eta Elgoibar lotuko ditu mendiz mendi datorren domekan, ekainaren 5ean. Euskal gizarteak berezkoak dituen mendizaletasunak eta kulturzaletasunak bat egiten dute proiektu honetan. Hala, egunaren amaieran Aitor Novak sortutako Kataiak ikuskizuna eskainiko dute Herriko Antzokian.
VIII. Zuzenien Igoera Bertikala jokatu da gaur goizean Azpeitiko plaza eta Xoxote artean. Ia ehun lasterkari hartu dute parte eta joan den astean Aizkorriko igoera bertikalean gertatu zen moduan, Iban Murua eta Maite Maiora izan dira azkarrenak. (bideoa dauka)
Iban Fernandezek bere buruari jarritako erronka bete ez arren, erronkak zuen beste helburua, errefuxiatuentzako dirua batzearena bete dutela esan daiteke. Guztira 232 kilometro solidario saldu dituzte, hau da, 5.800 euro batu dituzte.
Trinitate festei erreleboa hartuz, hilabete bukaerako ohiko azoka izango da Elgoibarren zapatuan (maiatzak 28). Eguerditik aurrera artile tailerra egongo da eta Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topaguneak prestatuko ditu Elgoibarko baserri eta harategietako produktuekin egindako pintxoak: txahal masailak ardo beltz saltsarekin eta txorizo egosia.
Tabako kerik gabeko nazioarteko eguna da maiatzaren 31, eta aitzaki hori baliatuta, tabakoaren adikzioaren eta honen ondorioen inguruko argibideak ematera irten dira gaur kalera osasun arloko hainbat profesional Elgoibarren. Horrez gainera, Kerik Gabeko Gelak programaren baitan egin den kamiseta logotipo lehiaketan parte hartu duten eta finalista izan diren Ikastolako ikasleen ordezkariei diplomak eman dizkiete.
Adegi Gipuzkoako enpresarien elkarteak Enpresaren Egunaren seigarren aldia ospatu zuen atzo, hilak 25. Ekitaldi horren baitan, Gipuzkoako Enpresa Berriaren 2. Adegi Saria banatu zuten eta Elgoibarko AVS (Added Value Solutions) enpresak jaso zuen sari hori.
Iban Fernandezek asteburu honetan egingo du Iban 2-dean izeneko erronka solidarioa. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, aukera izango da itzuli oso bat edo ibilbidearen zati bat Ibanekin batera egiteko. Gauez emango duen itzulirako iluntasunean ibiltzen trebeak diren mendizaleak behar dituzte.
Eibarren estreinako kontzertua egin ondoren Elgoibarren aurkeztuko dute barixakuan Debabarreneko Orkestra Sinfonikoa Herriko Antzokian. Partaideen erdia elgoibartarrak dira eta Jose Miguel Laskurain zuzendariaren esanetara besteak beste filmetako doinuak eskainiko dituzte.
Gipuzkoako Gazte Mailako Aurresku Txapelketako finala jokatu zuten Errenterian, joan den asteburuan. Elgoibarko Inazio Bereziartua Musika eta Dantza Eskolako hiru ikaslek lortu dute aurten finalera iristea eta maila ona eman zuten hirurek.
Euskal Zientzia Olinpiadetan eta Espainiakoetan lau domina eskuratu ditu Guillermo Hijano Mendizabal elgoibartarrak, zilarrezko hiru domina eta urrezko bat, hain zuzen ere.
Arnaldo Otegi politikari elgoibartarra izango da EH Bildu koalizioko lehendakarigaia udazkenean egingo diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan.
Aurreikusitakoa baino egun bat beranduago amaitu dira Trinitate jaiak Elgoibarren. Domeka goizean egin zuen euria zela-eta haurren danborrada bertan behera lagatzea erabaki zuten eta astelehen arratsaldean egin zuten azkenean. Mendaron ere atzo amaitu ziren festak Trinitate Txiki Egunarekin.
Elgoibarko Udalak 3.500 euro emango dizkio IMHri Goazen proiektuaren jarduera finantzatzen laguntzeko. Horrez gain, ikastetxeak 2.500 euro ere jasoko ditu Lantokietan euskarazko praktikak sustatzeko.
Urtebete barru hondakinen %60 gaika biltzeko helburua adostu du Hondakinen Mahaiak. Udalean ordezkatuta dauden hiru alderdi politikoek (EAJ, PSE eta EH Bildu) gaur sinatu dute akordioa.
Sebas Etxaniz elgoibartarrak 72 urte dauzka eta Villabonako kartzelan dago preso, Asturiasen. Legediaren zenbait atalek 70 urtetik gorako pertsonen askatasuna agintzen dutela kontuan hartuta, presoaren senideak, lagunak eta ezagunak barixakuan elkartu ziren Kalegoen Plazan, eta aske lagatzeko eskatu zuten.
Elgoibarko Danobat enpresa bisitatu du Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak Ainhoa Aizpuru, Sustapen Ekonomikoko, Landa Garapeneko eta Lurralde Orekako diputatuarekin batera. Diputatu nagusiak 4.0 Industriaren garrantzia azpimarratu du eta industria eredu berri horren eredutzat jarri duen Danobat enpresan zabaldu nahi izan du mezu hori. Era berean, aurreratu du Aldundiak 3.105.000 euroko aurrekontua bideratuko duela lurraldeko enpresatan fabrikazio aurreratua bultzatzeko.
Domeka goiz honetako eguraldia dela medio, umeen danborrada bertan behera laga dute eta astelehen arratsaldean egingo dute. Goizean jende asko hurbildu da Lekuederrera, artisauen azokara.
Goizean eta eguerdian eguzkiak gogor jo arren, elgoibartar mordoa irten da asteburu honetan kalera, Trinitate jaiez gozatzera. Euria 19:30 aldera hasi da, danborrada hasi eta ordu erdira. Argazki gehiago hemen.
Iban Murua elgoibartarrak irabazi du gizonezkoetan gaur arratsaldean jokatu den Aizkorriko Kilometro Bertikala. Emakumezkoetan, berriz, Maite Maiora mendaroarrak egin du denborarik onena.
Makina-erremintaren Biurtekoa, Euskal Herriko azoka garrantzitsuenetakoa, egingo dute maiatzaren 31tik ekainaren 5era bitartean, Barakaldoko Bilbao Exhibition Center (BEC) erakustazokan. Elgoibarko Makina Erremintaren Museoko antzinako makinek egingo diete ongi-etorria bisitariei, BECeko atarian jarri dituzte-eta zazpi kabina.
Trinitate jaietako nagusien danborrada antolatzen duen Atabal Elkarteko batzordeak danborradaren antolaketa lagako duela iragarri du, hamaika urtean danborrada antolatzen jardun eta gero. ETB1ean emango dute zapatu gauean Elgoibarko danborrada.
Jasone Osoro, Uxue Alberdi eta Danele Sarriugartek hizketaldia egingo dute Unai Villena gidari dutela, Pitxintxu liburu dendan. Mahai-inguruaren izenburua Hiru emakume, hiru idazle: bertakoa eta unibertsalaren artekoa da. Izan ere, ez da oso ohikoa euskaraz aritzen diren hiru idazle, eta hirurak emakumeak, egotea 11.000 biztanleko herri batean.
Trinitate festak ospatuko dituzte asteburu honetan Elgoibarren eta Mendaron, eta batean zein bestean ekintzaz beteriko asteburua izango da. (egitaraua dauka)