Elgoibarko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak San Lazaro udal egoitza Diputazioari eskualdatzeko hitzarmena sinatu dute gaur goizean, eta honenbestez, beharrezkoa den azken izapidea egin dute Aldundia zentro horren kudeaketaz arduratu dadin. Hitzarmenari esker, urte bukaera baino lehen kudeatuko du egoitza Diputazioak. Sinaketa ekitaldiaren ostean, 26 urteren ostean erretiroa hartuko duen Begoña Mugerza egoitzako zuzendaria omendu dute bi erakundeek.
Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren barruan, Txikimusika izeneko egitasmoa antolatu dute maiatzerako Sinuosek, Elgoibarko Udal Musika Bandak eta Inazio Bereziartua Musika eta dantza eskolak. Hortaz, maiatzeko domeketan etxeko txikienentzako musika ekitaldiak izango dira.
Gaixotasun neurologikoa dutenen bizimodua azaleratu nahi duen Itsasoari begira dokumentala Elgoibarren estreinatuko dute eguenen honetan (maiatzak 7). Herriko Antzokian izango da estreinaldia, 20:30etik aurrera. Lehen emanaldirako sarrerak agortu direla-eta, bigarren emanaldirakoak saltzen ari dira orain. Sarrera doan izango da. Dokumentalaren zuzendari Lorea Perez de Albenizek eta Maier Gurrutxagak dokumentalaren nondik norakoak aurreratu dituzte gaur eskaini duten prentsaurrekoan. (bideoa dauka)
1986tik 1991ra bitartean Maalako parkean egon zen gaztetxeari buruzko argazki erakusketa antolatu dute zapaturako (maiatzak 9), Maalako parkeko estalpean.
Elgoibarko familietan euskaltasuna sustatzeko sortu zuen Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topaguneak Kiribil barraskiloa edo karakola. Hamaika urte beteko ditu aurten, eta, opari moduan, barraskiloari abestia egin diote Kiribilen hainbat lagunek. Abestiaren dantza-koreografia prestatu dute barixakurako (audioa dauka)
Maiatzaren 30ean hasiko da XVIII. Bailarako Futbol 7 txapelketa, eta maiatzaren 22ra arte egin daiteke izen-ematea, Olaizaga edo Ipurua kirodegietan.
Aurreko urteetan bezala, 2015ean hitzarmen bateratuak sinatu ditu Elgoibarko Udalak herriko eskolekin (Elgoibar Ikastola, Herri Eskola, Institutua eta Meka). Hitzarmenean jasota dagoenez, Udalak 29.431,51 euroko diru-laguntza emango die ikastetxeei 14/15 ikasturtean hainbat proiektu eta egitasmo finantzatzeko.
Atxik Ziburuko ikastola! leloarekin, Iparraldeko ikastolen aldeko jaia, Herri Urrats, ospatuko da Senperen maiatzaren 10ean. Bertara joateko autobusa antolatu du Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topaguneak, Elgoibarko Udalaren laguntzarekin. Maiatzaren 7a izango da izena emateko azken eguna.
1937ko apirilaren 26an –joan den domekan bete ziren 78 urte- Gernika-Lumoko hiribildua bonbardatu zuen Francoren aliatua zen Alemaniako Condor legioak. Ehundaka herritar hil eta zauritu ziren arratsaldeko laurak aldera hasi ziren erasoetan. Une latz haiek bizi izan zituztenen makina bat lekukotasun jasoak dituzte ahotsak.com egitasmoan. Horien artean daude, besteak beste, Felix Etxeberria eta Miren Vallejo elgoibartarren lekukotasunak. (bideoak dauzka)
Maiatzak 1 da bihar, Langileen Nazioarteko Eguna, eta urtero legez, manifestazioa antolatu du eskualdeko LAB sindikatuak, langileen eskubideen alde. 12:00etan izango da manifestazioa, Eibarren, Untzagan hasita, eta ondorenerako ekitaldi politikoa eta herri bazkaria antolatu dituzte.
Eusko Label banakako aizkora txapelketako urrezko mailako kanporaketa jokatuko dute zapatuan (maiatzak 2) Elgoibarren. Jose Mari Olasagasti (Igeldo), Ugaitz Mugertza II (Mutriku), Donato Larretxea (Bera) eta Ander Erasun (Aurtitz) aizkolariek jardungo dute lehian.
Maiatzaren 5etik 9ra bitartean jokatuko dira Lanbide Heziketako Skills olinpiadak, Madrilen. Lanbide Heziketako selekzioa lehiatuko da han, eta Elgoibarko Lanbide Heziketako bi ikastetxeetako ikasle bana ere izango dira tartean: Jon Lapeira IMHkoa eta Eneko Alkorta Mekakoa.
Debabarrenan bizi diren zenbait nepaldar Kalegoen plazan egongo dira bihar, 10:00etatik 20:00etara, Nepalen gertatu den lurrikarak kaltetutako lagunentzako laguntza batzen. Era berean, apaingarriak eta osagarriak egiten dituzten Xarlem Kreazioak-eko kideek nepaldarrei laguntzeko kartera solidarioak prestatzen ari direla jakinarazi dute.
Maiatzaren 24an egingo diren hauteskundeak tarteko, Zatoz Elgoibarko plazara izeneko ekitaldi politikoa antolatu du Elgoibarko EAJ alderdiak. Jeltzaleen alkategai Ane Beitiak, Elgoibarko Udala kudeatzeko aurkezten duten lantaldea aurkeztu du jendaurrean (goiko argazkian), kafe baten bueltan antolatutako ekitaldian. (argazkiak dauzka)
Elgoibarren egin zuten moduan, Mendaroko Udalak 2015eko maiatzaren 24an egingo diren Udal-hauteskundeetarako eta Batzar Nagusietarako hauteskunde-mahaiak osatzeko zozketako emaitzen berri eman du.
TKgune Fabrikazioa Berrikuntza eta Teknologia Transferentziazko Sarea osatzen duten Lanbide Heziketako Ikastetxeek, tartean IMHk, TKgune Gazteentzako Enpresa Industrialen Ideia Lehiaketaren bigarren edizioa antolatu dute (Asier Lizarralde elgoibartarrak irabazi zuen iaz estreinako edizioa). Proposamenak aurkezteko epea ekainaren 15ean amaituko da.
Sanlo eskubaloi kirol-taldeak jakinarazi duenez, bertan behera geratu da maiatzaren 1ean egitekoak ziren Eskubaloi Eguna eguraldiaren ondorioz.
Euskadikoa irabazi ostean, Fedmek (Espainiako Mendi Federazioa) antolatutako Espainiako mendi lasterketen txapelketa irabazi du Maite Maiorak, Malagan jokatutako proban. Hiru aste barru jokatuko den Zegama Aizkorri mendi maratoirako sasoi betean dagoela erakutsi du Mendaroko antxitxikariak.
Euritsua esnatu zen domeka goiza Elgoibarren, baina Jose Gurrutxaga krosean aurreikusita zeuden 13 lasterketak arazorik gabe egin ahal izan zituzten parte hartu zuten ian 700 lagunek. Gero bai, lasterketak amaitu ostean, demaseko ekaitza bota zuen. (argazki bilduma eta sailkapenak dauzka)
2015eko maiatzaren 24an egingo diren Udal-hauteskundeetarako eta Batzar Nagusietarako hauteskunde-mahaiak osatzeko zozketa publikoa egin dute, gaur arratsaldean, Elgoibarkio udaletxean ospatu den ezhoiko batzarrean.
Gipuzkoako Foru Aldundiak 20 milioi euro bideratuko ditu lurraldeko eskualdeetan herritarrek gauzatu nahi dituzten proiektuetara. Eskualde bakoitzeko biztanleek dirua zertan eta nola inbertitu nahi duten esateko aukera izango dute, eta eskualde bakoitzak, tartean Debabarrenak, bi milioi euro izango ditu datozen lau urteetan inbertitzeko. Elgoibarren martitzenean (apirilak 28) egingo dute herritarren ekarpenak jasotzeko tailerra.
Oihalak eta orratzak eskuetan, Joste Eguna egiten ari dira herri askotan gaur, eta Elgoibarren eta Mendaron ere ekintzaz josita antolatu dute erabakitzeko eskubidearen aldeko jaia. Ekainaren 21etakoa izango da ekimenaren egun handia. Oihal erraldoia osatzen dihardute kide eta herritarrak egun horretarako. (argazki bilduma eta bideoa dauzka)
Zerbitzu publikoen eskaintza hobetzen aditua eta aritua da Elke Löeffler alemaniarra. Herritarren parte-hartze prozesuak sustatzen eta funtzionarioak trebatzen eman ditu azken hamabost urteak, eta Elgoibarko EAJk gonbidatuta etorri da Elgoibarrera. Udaleko zenbait teknikarirekin batu da gaur, euren lana bertatik bertara ezagutzeko.
Herri Eskolako arduradunek Euskal Eskola Publikoaren jairako kanta eta bideoklipa aurkeztu dituzte gaur goizean Donostiako Kutxaespazio zientzia museoan. Jaku-jata lelopean osatu dute kanta. Iban Urizar musikari elgoibartarrak konposatu du abestia, eta hitzak Mikel Olaizola elgoibartarrak egin ditu. Abeslari eta musikari ezagun askok hartu dute parte abestian. (argazkiak eta bideoa dauzka)
Asteburu bete-betea izango da datorrena Elgoibarren. Joste eguna eta Jose Gurrutxaga krosaz gainera, hileko azken zapatuko feria egingo da. Hil honetan Elgoibarko Lagun elkarteak kudeatuko du txosna. Era berean, bertako produktuekin egindako pizzak egiten ikasiko dute umeek pizza tailerrean.
Epaimaharen Saria ez ezik, herritarrena ere irabazi du Menditxo tabernak Mendaroko pintxo lehiaketara aurkeztu zuen pintxoak.
Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topagunea elkartean urteko batzar nagusia egin zuten atzo. 2014ko memoria aurkeztu zuten lehenik, eta erretratu errepaso baten ostean aurtengorako zereginak aurkeztu zituzten Kultur Etxean egindako batzarrean.
Zilarrezko Euskadi Saria jaso du gaur, Liburuaren Nazioarteko Egunean, Danele Sarriugarte Mochalesek. Erraiak liburuagatik saritu dute idazle elgoibartarra. Argitaratu duten bere estreinako nobela da Erraiak -2014ko udaberrian kaleratu zuen Elkar argitaletxearekin-.