Sinuosek antolatuta, Hitz lauz diskoa aurkeztuko du Jon Gurrutxagak domekan, Elgoibarko Kultur Etxeko sotoan, 19:00etatik aurrera.
Hirugarren urtez jarraian, Eguberrietako Haur krosa antolatu du Mendaroko Txirrindulari Elkarteak, haurren artean kirolerako zaletasuna sustatzeko asmoz. Zapatuan, hilaren 20an izango da, Mendarozabalen, 17:00etan, eta izenemateak lasterketa hasi baino orduerdi lehenago egingo dira han bertan.
Abenduaren 26an izango da Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topaguneak urtero antolatzen duen Eguberrietako bertso-jaialdia, eta sarrera “guztiak” agortu direla jakinarazi dute antolatzaileek.
Elgoibarko hiri bilakaera izenburuko liburua aurkeztuko du Luis Ulazia arkitektu elgoibartarrak gaur (abenduak 18), Elgoibarko kultur Etxean (19:00). Ulaziak 73 urte ditu eta 1981. urtetik 2000. urtera bitartean udal arkitektoa izan zen.
1954an sortu zuten Danobat enpresa Ermuaranbide kaleko tailer txiki batean. Hirurogei urte pasa dira ordutik eta egun munduko enpresa garrantzitsuenetarikoa da erreminta-makinaren sektorean. Abenduaren 14an, 500 lagunetik gora batu ziren Elgoibarko Arriaga auzoan kokatua dagoen lantegira, 60. urteurrena ospatzera.
Jostailuak eta opariak jasotzeko kanpaina egin zuen Elgoibarko Gurutze Gorriak, eta jasotako jostailu guztiak Gabon egun bezperan, abenduaren 23an, banatuko dituzte zailtasun ekonomikoak dituzten familien artean. Aurten 140 ume inguruk jasoko dituzte jostailuok, aurreko urteetan baino gehiagok.
Atzo aurkeztu zuten jendaurrean Elgoibarko Udalak argitaratzen duen 2015eko egutegia, egutegia osatzeko antolatu dituzten argazki eta marrazki lehiaketetako irabazleak saritzeko antolatutako sari-banaketa ekitaldian. Aurtengoan, zazpigarren aldiz antolatu dute argazki lehiaketa Udalak eta Ongarrik elkarlanean. Argazki lehiaketa honetan 47 herritarrek parte hartu dute, eta guztira, 206 argazki aurkeztu dituzte. (saritutako argazki guztiak barruan)
2014ko Kirol Federatuaren Sariak banatuko ditu Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak abenduaren 22an. Sari banaketa ekitaldia hasi aurretik kirolari buruzko mahai ingurua antolatu dute. Aurtengoan, "Realaren balioen" inguruan berba egingo dute hizlariek: Jokin Aperribai talde txuri-urdineko presidenteak eta bi jokalarik.
Dominikar Errepublikan ateratako argazki sorta aurkeztu zuen lehiaketara Eduardo Arrillaga argazkilari elgoibartarrak, eta Baseballland izenekoa saritu dute Asisa nazioarteko argazki lehiaketaren seigarren edizioan.
Eibarko Bolunburu oroigarri krosarekin batera, Gipuzkoako Kros Txapelketa jokatu zen domekan Arrateko Olabeko kanpetan, eskola kirolean dabiltzan atletentzat zein atleta federatuentzat. Gaztetxoen mailan Mintxeta Atletismo Taldeko bi ordezkari nabarmendu ziren. Mustapha El Hachmi elgoibartarra (ondoko argazkian) izan zen garaile jubeniletan eta Martin Hernandezek brontzezko domina eskuratu zuen kadeteetan. Emakumezkoen senior mailan, berriz, Maite Maiora mendaroarra gailendu zen.
Segiko kide izatea egotzita, 28 gazteren kontrako 1/12 sumarioaren epaiketa hasi zuten irailaren 22an Madrilgo Auzitegi Nazionalean. Auzipetuen artean zegoen Ainara Ladron elgoibartarra, baina Fiskalltzak jakinarazi berri duenez, akusazioa erretiratu die hamabi gazte auzipeturi, tartean Ainara Ladroni.
Gabon Zaharreko kanpaiak Elgoibako Kalegoen plazatik eskainiko ditu ETBk abenduaren 31n, eta joan den barixakuan grabatu zuten saioa. Urtezahar-gaueko ospakizunak ia hogei egun aurreratzeak ikusmina sortu zuen herrian, eta hala, ikusminez, plaza bete zuten herritarrek. Azkenean, iragarritakoa baino dezente beranduago grabatu zuten plazan batutakoentzat gaueko unerik garrantzitsuena zena, San Bartolome parrokiako ordularia gauerdira ailegatu zen unea, alegia. Elgoibarko Udalak 20.000 euro jarri zituen grabazioa Elgoibarren egin zedin eta ostiralekoaz balorazio positiboa egin du Alfredo Etxeberriak. (argazkiak eta bideoa dauzka)
Jaiotza lehiaketa egin zuten atzo, eta 69 umek 26 jaiotza aurkeztu zituzten, iaz baino zortzi jaiotza gehiago. Epaimahaiak lehen sariarekin saritu zuen Ainitze Plaza, Eider Plaza, Maddi Plaza eta Olatz Makazagak aurkeztutakoa. Hortaz, Ainitze Plazak eta Eider Plazak bigarren urtez jarraian irabazi dute lehiaketa, iaz ere lehen saria lortu zuten-eta. (argazkiak dauzka)
Zapatuan aurkeztu zuten Elgoibarko Maisuen Nazioarteko 24. Xake Txapelketa, eta dagoeneko jokatu dituzte estreinako partidak. Hilaren 19ra bitartean jokatuko dituzte partidak udaletxeko pleno aretoan.
Txapeldunetan txapelduna. Horixe da 2014. Urteko Gazta Txapelduna ardi-gazta lehiaketan aukeratuko dutena Gabon Zahar Ferian, abenduaren 27an. Jatorri Izendapeneko Kontseilu Erregulatzaileak araututa, aurten Euskal Herrian egin dituzten 18 ardi-gazta lehiaketetako bat, gutxienez, irabazi dituzten gaztagileak batuko dira Elgoibarren. Hau da, hamar gaztagile, tartean Mausitxa.
Elgoibarko jubilatuek euren astea ospatzen dihardute asteon, eta hainbat ekintza antolatu dituzte datorren astelehenera bitartean. Atzo, 80 urtez gorakoak omentzeko bazkaria egin zuten Jubilatuen Biltokian eta aurten urrezko ezteiak bete dituzten sei bikote ere omendu zituzten, guztiak 1964an ezkonduak.
Abenduaren 17an aurkeztuko dute, Kultur Etxeko sotoan (19:00etan), Elgoibarko Izarrak prestatu eta Danobat kooperatibak eta Elgoibarko Udalak diruz finantzatu duten Euskaldunak Elgoibarren liburua. Lan hori sortzeko ideia elkartearen 50. urteurrenaren harira izan zuten, eta lanaren koordinatzailea izan den Imanol Larrañagak esan duenez, “gure herria eta euskara lotzea izan da liburuaren helburu nagusia”.
Markel Bergara eta Sergio Canales Realeko jokalariak Elgoibarren izan ziren atzo iluntzean, sinadurak ematen, BM supermerkatuan. Herriko zaleekin batzeko aukera izateak egun "berezia" egin zuela atzokoa aitortu zuen Markel Bergara Realeko jokalari elgoibartarrak. Realak pizten duen “ilusio” hori pozgarria dela gaineratu zuen. (bideoa eta argazkiak dauzka)
Gaur aurkeztu dute Euskal Eskola Publikoaren jaia Elgoibarko udaletxean. Herri Eskolako ordezkariak, Kalamua guraso elkarteko kideak, Udal agintariak, Institutoko, Haur Eskolako eta Mekako ordezkariek hartu dute parte, besteak beste, aurkezpen ekitaldian, eta nabarmendu duten lorpen handia da Euskal Eskola Publikoaren jaia Elgoibarren ospatzea. Gustatzen jata, gustatzen jaku lemapean ospatuko dute jaia 2015eko ekainaren 7an.
Andoitz Agirregomezkortari lekukoa hartuz, Eider Iriondo izango da aurrerantzean Morkaiko Mendizale Elkarteko presidentea. Bazkide kanpaina abian jarriz estreinatu da karguan mendi taldeko gidari berria.
Sanloko eskubaloi taldeek atseden hartuko dute eguberrietan, baina eskubaloi taldeko arduradunek lanean jarraituko dute, jokalari berriak eskubaloira erakartzeko ahaleginean, hain zuzen ere. Hala, Sanloren eskubaloi eskolak ikastaroak eta hainbat ekintza eskainiko ditu Eguberrietan.
Alain Zulaika elgoibartar gaztea Niala magoa da kapera jantzi eta magia-maleta soinean hartzen duenean. 14 urte ditu, eta orain dela hiru hasi zen magiaren munduan. Magiaz berba egiteaz gain, gure kameren aurrean magia saioa egiteko eskatu diogu. Hainbat truko egin dizkigu, eta, gu behintzat, aho zabalik laga gaitu. (bideoa dauka)
Parrokiako Katekesiak antolatuta, haur eta familientzako Jaiotzen 28. Lehiaketa egingo dute datorren domekan, hilaren 14an, Elgoibarren. Aurten, berritasun modura, izenematea e-postaz egiteko aukera jarri dute abian, baina zapatuan ere eman ahal izango da izena, 11:30etik 13:30era, Parrokiako lokaletan.
Gipuzkoar Merkataritza Enpresa Sarietan, probintziako hamar merkataritza enpresa esanguratsuenak saritu ditu Gipuzkoako Bazkundeak, "10 bitxiak" kategoriaren barruan, eta sarituen artean dago Elgoibarko MG Etxea Burdindegia.
Gogotik egin zuen euria eta ez zen giro izan Kontzezio Azoka egunaz gozatzeko. Besteetan baino jende gutxiago ibili zen, baina hala ere, egunerako iragarrita zeuden ekintza guztiak egin ziren.
Badira hamar urte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, EIMA (Euskal Ikasmaterialgintza) programaren ildotik, estilo-liburu baten proiektuari heldu ziola. Orain, Andres Alberdiren Ahoskera argitaratu dute, bilduma horretako bederatzigarrena.
Abenduaren 26an izango da Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topaguneak urtero antolatzen duen Eguberrietako bertso-jaialdia, eta dagoeneko salgai jarri dituzte sarrerak. Gaur hasi eta abenduaren 19an amaituko da aurre-salmenta. Aurten, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Miren Amuriza, Jon Maia eta Angel Mari Peñagarikano arituko dira bertsotan, eta Uxue Alberdik egingo ditu gai-jartzaile lanak.
Kanpaikaden grabazioa egun bat aurreratu du EiTBk, eta zapatuan beharrean datorren barixakuan, abenduaren 12an, grabatuko dituzte Gabon zaharretako kanpaikadak Kalegoen plazan. Eguraldi iragarpena dela-eta aurreratu dute grabazioa.