Herri barruan autobus zerbitzua ematen duen Udalbus zerbitzua ordainpekoa izango da martxoaren 9tik aurrera.
Lurraldebuseko autobusetan eta Euskotreneko trenetan herri barruan dauden geltokien artean egindako bidaiak, Mugi txartelarekin ordaindutakoak, diruz lagunduko ditu Udalak.
Debabarrenean egonkor mantendu da langabezia tasa otsailean, urteko lehen hilabetean baino langabe bat gehiago bakarrik zenbatu baitute.
Hausnarketarako espazioak sortzeko helburuarekin antolatu du 'Martxo morea' egitasmoa Narrutsikek, Elgoibarko Emakume Feministen taldeak.
Mendaroko Tratu Onen Aldeko Taldeak berdintasunaren aldeko martxa antolatu du martxoaren 8rako.
Elgoibarko Musikarien Elkarteak (EME) antolatuta, master classa emango du Joseba Irazokik eguazten honetan, martxoaren 9an. Saioa irekia eta doakoa da.
Euskal Herriko XIII. Mus Txapelketako kanporaketa jokatu zuten zapatuan Tantaka tabernan eta bi bikote elgoibartar sailkatu dira Gipuzkoako txapelketarako. Mendaron datorren zapatuan jokatuko dute kanporaketa.
TREBA Gurasoak ekimenak eta Elgoibarko Udalak 18 eta 30 urte bitarteko gazteentzako ‘Feminismoa: elkar zain gaitezen’ hitzaldia antolatu dute, euskaraz, datorren martxoaren 9rako.
Elgoibarren eta Mendaron bizi diren bi ukrainarrek euren testigantza eman diote BARRENi Ukrainako gerraz. Era berean, beraien etxean Chernobilgo umeak hartzen dituzten bi familiekin ere egon gara eta baita inbasio militarraren hasierak Moskun harrapatu duen elgoibartar batekin ere bai.
Elgoibar eta Eibar batzen dituen bidegorria itxita egongo da aste hasieran, Elgoibar eta Maltzaga artean.
2020an hasi zuen Iñigo Cearsolok Zumarragako musika bandako zuzendari izateko prozesua, eta domeka honetan egingo du azken proba.
Erreminta Makinaren Museoak ipuinkontalari saioak antolatu ditu Martxoaren 8aren harira, Herri Eskola eta Ikastolarekin elkarlanean, eta Udalaren laguntzaz.
Infantil mailako Neguko Euskal Herriko Txapelketan parte hartu zuen Paula Calvo igerilari elgoibartarrak, eta urrezko hiru domina eskuratu zituen.
Txantxakua Merkatari Elkarteak antolatutako Stock kale azoka egiten ari dira, gaur eta bihar, herriko kaleetan.
Debabarrena Mankomunitateak eskualdeko bide publikoetan dauden animaliak jasotzeko zerbitzua eskaintzen du, eta animaliak galtzen dituzten jabeek zerbitzu hori jasotzeagatik ordaindu beharreko tasa arautzen duen ordenantza onartu dute.
Elgoibarko Udaleko Kultura Sailak barikuetako zine emanaldiaren ordutegia bi ordu aurreratzea erabaki du.
Mendaroko Udalak programazio berezia antolatu du datorren martxoaren 8ko Emakumearen Nazioarteko Eguna dela eta. Egun berezi horren aurretik zein ondoren burutuko dira ekintzak, eta parte hartzea irekia da.
‘Yulen, 100 urte’ liburuaren 200 ale argitaratu zituen Elgoibarko Udalak, eta berehala agortu ziren. Herritarren interesa ikusirik, beste liburu sorta bat kaleratu dute, 200 ale gehiago.
Atzo hil zen Manolo Zabala, 92 urte zituela, eta haren aldeko elizkizuna gaur, barikua, izango da San Bartolome parrokian, 19:00etan. 1974an izan zen Elgoibarko Izarrako presidente, eta horren harira, elkarrizketa egin zitzaion 2014an Euskaldunak Elgoibarren liburuan.
Karakate parke eolikorako aurretiaz aurkeztutako administrazio-baimenaren eskaera argitaratu dute gaur Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean (EHAA). Elgoibarko Udalak adierazi du gaia gertutik jarraitzen ari direla.
2022ko lehen bonu kanpaina abiatu du Elgoibarko Udalak. 25.000 euro inbertituko ditu kanpaina horretan, 3.300 bonu kaleratuko dituzte eta herritarrek %25eko deskontuak eskuratu ahal izango dituzte.
Sustrai Akordeoi Taldearen musika saioa entzuteko aukera izango da bihar, martxoaren 5ean, Herriko Antzokian.
Itxura batean, zerikusi gutxi dute San Lazaro egoitzak eta IMHk, baina gizarte aurreratu batek bere komunitateaz arduratu behar duela uste dute Makina Erremintaren Institutuko arduradunek, eta babes berezia behar duten bizitzako egoera edo etapen inguruan sentsibilizazio berezi bat izan behar dela. Era berean, adineko pertsonek komunitateari egiten dioten ekarpenean ere jarri nahi dute arreta, ekarpen hori bistaratuz. (ikus bideoan)
Atxutxiamaikak eta Udal Ludotekak udaberriko oporraldirako aisialdi eskaintzan izena emateko epea zabalduko dute barikuan (martxoak 4), eta hilaren 14ra arte egongo da izena emateko aukera.
Hainbat hobekuntza lan egingo dituzte Olaizagako rokodromoan. Era berean, Udal Kirol Patronatua apiriletik aurrera eskaladan hasteko ikastaroei berrekitea aztertzen ari da.
Elgoibarren emakumearen hilabetea izango da martxoan hainbat tailer, kontzertu eta ekintzekin. Antolatzaileek inauteri martitzenean aurkeztu zuten prestatu duten egitaraua.
PSE-EEk Udal talde sozialistak Mendaroko Udalari eskatu zion herrian zerbitzuak ematen dituzten enpresa eta erakundeek herritar adineko zein kalteberei aurrez aurreko arreta eskaintzea tratua gertukoa eta azkarra izateko.
Debemenek landa guneko biztanleen bizi kalitatea hobetzeko beharrak nabarmendu zituen, besteak beste, Debabarrena suspertzeko ponentzian, Eusko Jaurlaritzan.