Maitasunez Hezi elkarteak edoskitze edo laktantzia taldea da, amek osatzen dutena. Haur jaioberrien amak, haurdun dauden emakumeak edota amatasunari lotutako gaiez kezkatuta dauden emakumeak animatu nahi dituzte amen arteko edoskitze laguntza tailerrera.
Elgoibarko Udalaren Euskara Sailak eta Ongarri argazkilari elkarteak jakinarazi dutenez, aukeratu dute datorren urteko egutegiaren gaia.
Sabino Ormazabal Argituz ekimeneko kideak Memoria partekatu bateruntz izeneko hitzaldia eskainiko du gaur, bakea eta bizikidetzako jardunaldien azken saioan. Indarkeria-ez aktiboaren bultzatzaile da Ormazabal eta Errenteriako esperientzia azalduko du.
Zarautzeko Aiala taldean jokatzen diharduen Nora Kortaberria eskubaloi jokalari elgoibartarrak junior mailako Espainiako eskubaloi selekzioaren deia jaso du. Aurten Errusian jokatuko den Munduko txapelketarako sailkatze fasea jokatzeko prestaketak egingo dituzte Guadalajaran (Espainia).
Aita Agirre eraikina eraberritzeko proiektuaren idazketa esleitzeko lizitazioaren harira, eraikinaren gaur egungo egoera ezagutzeko bisita gidatua antolatu du Elgoibarko Udalak eguenerako (otsailak 4). Lehiaketa publikoan parte hartuko duten teknikarientzako baino ez da izango bisita, eraikina eta bere egoera barrutik ezagutu dezaten.
Mintxeta Atletismo Taldeko Martin Hernandez antxitxikariak kadete mailako Euskadiko kros txapelketa irabazi zuen domekan Lasarteko hipodromoan jokatu zen Donostiako Nazioarteko 61. Krosean. Edizio guztietan ondoan lagun izan dutela-eta, Fermin Arrese elgoibartarra omendu zuten antolatzaileek.
Inauteriekin bat ez egiteko astebete aurreratu zuten Mendaron baserriz-baserri eta kalez kale santa eskean ibiltzeko eguna, eta joan den zapatuan irten ziren eskean. Mendaroko santa eskeko batzordeak jakinarazi duenez, 3.003, 80 euro batu zituzten eta Bizi Poza txarangari emango diote diru hori, 25. urteurreneko ekintzak antolatu ditzan.
Asteburu borobila izan dute Sanloko taldeek. Batetik, Deca Elgoibar kadete mutilen taldeak eta Beristain Banaketak jubenil mutilen taldeak etxean jokatu dituzte Euskal Ligako Bigarren Fasea jokatzeko igoera faseak eta biek lortu dute igoera. Bestetik, Alcortak eta Laukok ere garaipen garrantzitsuak lortu dituzte etxean.
ELA sindikatuak jakinarazi duenez, Elgoibarko Kondia enpresa itxi egingo dute datozen asteetan, eta ondorioz, 65 behargin geratuko dira lanik gabe.
Aste batzuk pasako dira Lesbosera heldu arte, baina hasi du haranzko bidea Elgoibarko 2-dean B-rotuz taldeak gerretatik ihesi dabiltzan errefuxiatuentzako jaso duen materialak (13.000 kilo, 1.354 kaxetan banatuta). Jasotako guztia bi trailerretan sartu dute gaur 20 boluntario inguruk. Iñaki Iraola eta Laura Daquinta taldekideek azaldu dute materialak jarraituko duen bidea, honako bideoan.
Elgoibar makina erremintaren hiriburu egin zuten hainbat eta hainbat lagunen antza dute Luis Mari Iriondoren bizipenek. Eskolan ondo zebilen arren, aitak 13 urterekin lanera bidali zuen. Pintxe izatetik, baina,"aprendiz" izatera igaro zen hurrengo urtean. Urte batzuk beranduago, berriz, Acmen gerente izatera ailegatu zen. Ahotsak.com-en jasota daude Luis Mari Iriondoren bizipenak, berak kontatuak. (bideoa dauka)
Bosko Eguna eta IMH Eguna ospatu dute gaur, urtarrileko azken barixakuan, Elgoibar Arreiturre BHI, Meka GLHBIko eta IMHko ikasleek. (argazkiak dauzka)
Memoria Historikoa berreskuratzen diharduen Elgoibar 1936 taldeak jakinarazi duenez, 1936ko gerrako gudari batenak izan daitezkeen arrastoak aurkitu dituzte Zirardamendi alboan dagoen Soartegainen.
Debabarreneko alkateek Debabarreneko baliabide turistikoak erakutsi dizkiete Eusko Jaurlaritzako Merkataritza eta Turismo sailburuorde Itziar Epalzari, Mertxe Garmendia Turismo zuzendariari eta Arantza Madariaga Basquetourreko zuzendariari. Besteak beste, Mendaroko txokolate fabrika eta Elgoibarko Makina Erremintaren Museoan bisitatu zituzten atzo.
Martxoaren 1era aurreratu du Espainiako Auzitegi Nazionalak Arnaldo Otegi espetxetik aterako den eguna.
Pentsaera politiko ezberdineko pertsona askoren interesa piztu dute aste honetan hasitako Bakea eta bizikidetza jardunaldiek. Atzo, esaterako, Edurne Brouarden eta Marixabel Lasaren mahai-inguruak (argazkian) Kultur Etxeko aretoa bete zuen.
Dantza mugimendu terapian oinarrituta, gorputz espresioa lantzeko tailerra eskainiko du Uxue Pascual Esnaolak Mendaron.
Helburu denak beteta, Mintxeta Atletismo Taldea “oso gustura” gelditu da Mugertza krosaren 73. edizioak eman duen guztiarekin. Era berean, Elgoibarren bisitan izan diren Mamo Wolderen semeak eta alabak -Tabor eta Addis- ere hitz politak eskaini dizkiete antolatzaileei eurekin izan duten tratuagatik.
Administrazio publikoek, HAKOBA Hizkuntza Politika gaietarako Herri Administrazioen Koordinazio Batzordearen bidez, hizkuntza zigilu bat sortu dute, irudiaren bidez, herritarrak euskara naturaltasunez erabiltzera gonbidatzeko administrazioarekin dituzten hartu-emanetan. Elgoibarko Udalak bat egin du ekimenarekin eta txantxangorriaren irudia erabiliko du.
2-dean B-rotuz taldeko kideak erabat eskertuta daude herritarren erantzunarekin. Gerretatik ihesi dabiltzan errefuxiatuentzako neguko materiala jasotzeko deialdi espontaneoa egin ondoren, erantzuna berehalakoa eta demasekoa izan da: bi trailer beteko dituzte. Eta hori, baliabide faltagatik, bilketa aurreikusitakoa baino lehen amaitu behar izan dutela.
Sanlo eskubaloi taldeko bi taldek Gipuzkoako txapelketa irabazi dute. Deca Elgoibar kadete mutilen taldea eta Beristain Banaketak jubenil mutilen taldea dira txapeldunak. Bi taldeek Elgoibarren jokatu dute Euskal Ligako bigarren fasera sailkatzeko fasea, datorren asteburuan.
Egondo enpresako pintura-kabinan sute txiki bat piztu da 18:00ak inguruan eta behargin bat anbulantzian eraman behar izan dute.
Giro bikainarekin jokatu da gaur Nazioarteko Juan Mugertza krosaren 73. edizioa Mintxetan. Guztira 700 atleta inguruk hartu dute parte jokatu diren hamar lasterketetan. Nagusien mailan, Irene Chepet Cheptai keniarra izan da azkarrena eta Aweke Ayalew etiopiar jatorriko bahraindarra gailendu da gizonezkoetan, duela bi urte emakumezkoen lasterketa irabazi zuen Hiwot Ayalewren anaia, hain justu ere. (argazkiak dauzka)
Zortzi bikotek hartu zuten parte Euskal Herriko zortzigarren mus txapelketako Elgoibarko kanporaketan, eta Manuel Salegi eta Pedro Garate izan ziren irabazleak. Bikote irabazleak Gipuzkoako mus txapelketa jokatzeko txartela eskuratu zuen.
Tabor eta Addis Woldek gaur arratsaldean ezagutu dute euren aitaren omenez Mintxetan, -Juan Mugertzarenaren ondoan- jarrita dagoen oroigarria. Emozioz bizi dute unea, eta Elgoibarrera etortzen ziren aurreneko aldia den arren, berehala jabetu dira aitak, Mamo Wolde handiak, arrastoa laga zuela hemen.
Munduko zortzi kros onenen artean bigarrengoz (2016-01-19)
Iker Dorronsorok hartuko du Egoitz Mendizabalen lekua Haundiko entrenatzaile karguan.
Demaseko arrakasta izan du 2-dean B-rotuz taldeak martxan jarri zuen arropak jasotzeko kanpainak. Joan den martitzenean, urtarrilaren 19an, hasi zuten negu honetan gerretatik ihesi dabiltzan errefuxiatuei arropa bidaltzeko kanpaina, eta horrenbeste material jaso dute gordetzeko lekurik gabe geratu direla apenas.
Mugertza krosari buruzko lehen marrazki lehiaketa antolatu zuten Mintxeta atletismo taldeak eta Elgoibarko Udalak, eta sarituak jakinarazi dituzte. 2 eta 12 urte arteko 260 umek hartu dute parte lehiaketan. Atzo, berriz, Ludotekako eta Gaztelekuko erabiltzaileak bisitatu zituzten krosean arituko diren antxitxikarietako batzuek. (saritutako argazkiak dauzka)